Etxebizitzaren auzian, bi dira Euskal Herrian funtsezkoak diren egitekoak. Alde batetik, burujabetza handiagoa behar dugu. Izan ere, egun ez dugu Euskal Herriaren behar eta baldintza propioetatik etxebizitza politikak diseinatu eta martxan jartzeko nahikoa aukerarik, edozein politikaren norabidea eta mugak Madrilen eta Parisen ezartzen direlako. Horregatik, gure behar eta baldintza politiko, ekonomiko, sindikal eta sozial propioetatik erantzuteko aukera izan behar dugu.
Bestetik, aipatu bezala, politika horiek etxebizitza eskubide eta ez negoziorako bitarteko gisa aintzat hartuta diseinatu behar dira. Horretarako, egungo eredua salatu eta etxebizitza eskubidearen aldarria nagusitu behar dugu. Gauzak horrela, burujabetza eta norabide sozialistako politikak ezinbesteko bi premisa dira. Bata bestea gabe aplikatuz gero, edalontziak ura galduko luke.